2025eko martxoaren 28an, Myanmarrek 7.7 eta 6.4 magnitudeko bi lurrikara jasan zituen, gogorrenak mende bat baino gehiagoan, Sagaing, Mandalay, Magway, Bago, Shan Oriental eta Nay Pyi Taw eskualdeak larriki kolpatu zituztenak. 3.000 pertsona baino gehiago hil dira orain arte, eta beste milaka zaurituta edo desagertuta daude. Hondamendiak okertu egin du eskualde horietan komunitate askok bizi zuten gatazka- eta desplazamendu-egoera larria.
Lurrikararen aurretik, Myanmarren ia 20 milioi pertsonak (biztanleriaren herenak) laguntza humanitarioa behar zuten, gatazka luzea, elikagaien eskasia, zerbitzu publikoetarako sarbide mugatua eta herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoa direla eta. Hondamendia dela eta, egoera are larriagoa da, batez ere landa-eremuetan eta leku isolatuetan.
Premiarik larrienak zaurituentzako arreta medikoa, edateko ura, elikagaiak eta aterpea dira. Osasun-sistemak, gatazkaren ondorioz jada hauskorra, kalte larriak jasan ditu, ospitaleak suntsituta daude eta gaixotasunak zabaltzeko arriskua areagotu egin da.
Gainera, azpiegiturak larriki kaltetuta geratu dira, eta horrek are gehiago zailtzen du laguntza iristea, eta urruneko komunitateek, horietako asko landa-eremukoak, zailtasun are handiagoak dituzte baliabide eta zerbitzu humanitarioak eskuratzeko.
Nola ari gara erantzuten?
Espainiako Jesusen Lagundiak, Alboan eta Entreculturas nazioarteko lankidetza-erakundeen bidez, babesa eman nahi die herrialdean kolaboratzen dugun elkartasun-sareei, hala nola Myanmarko Jesuiten Probintziari, Myanmarko Caritasi eta tokiko beste erakunde batzuei.
Une honetan, aldi baterako aterpeak eraikitzeko materialak, elikagaiak, edateko ura, eta botikak banatzen laguntzen ari gara. Elizetan, eskoletan eta zentro komunitarioetan ere espazioak prestatzen ari dira kaltetutako pertsonak hartzeko. Hala ere, hondamendiaren tamainak laguntza handiagoa eskatzen du.
Zure babesaz berehalako laguntza eman ahal izango diegu Myanmarko lurrikarek eragin dituzten pertsonei, oinarrizko baliabideak eman ahal izateko.
Egin ahal baduzu, lagundu.
